XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
- Kaka zaharra!
Ez dut etsi behar, oraindik ere asma dezaket eta ez dut etsiko.
Lehen ere esan nuen ahariaren adarra izan zitekeela ezta?
Edo ahuntzarena, edo behiarena...
Jo eta ke segituko dut eta azkenean asmatuko dut, bai horixe!
Animo horrekintxe ekin zion lanari, eta oraingoan hobetoxeago prestatuta abereak lotarazteko sorginkeria ikasi zuen aurretik, akerrarekin bezalako ustekaberik ez izateko.
Aldian-aldian arazo gehixeago edo gutxixeagorekin, elkarren ondotik erabili zituen ahari, ahuntz, behi, zezen, idi, idisko, txahal, biga, bigantxa eta txekorraren adarrak; herriko abere guztiak adar bakar utzi zituen baina bakar batekin ere ez zuen arrakastarik lortu.
Istiluak bai, eta gorriak gainera, aberejabeekin izaten zituenak.
Gogorrena ordea, Iruñeko zezen-plazara zeramatzaten zezenei adar bana moztu zienean gertatutako sesioa.
- Zoratuta zaude ala?
Nola nahi duzu toreatzea orain zezenok, adar bakarra baizik ez dutela?